Nor naiz ni?

lunes, 22 de febrero de 2016

CURRICULUMA


Curriculumaren gaian testuinguratzeko, curriculuma zer den eta mota ezberdinak daudela ikusi genuen. Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da eta ondorengo motak bereizten dira; nulua (lantzen ez diren gaiek osatzen dutena), formala edo ofiziala (adostutakoa), ezkutua (formalean agertzen ez dena baina betetzen dena) eta erreala (betetzen dena), besteak beste.

Honen inguruan gehiago jakiteko asmoz eta bizi dugun errealitatearekin lotu ahal izateko hainbat argazki landu genituen eta horien inguruan hausnartu.

Lanketa horrekin atera nuen konklusio nagusia da askotan hitzez edo diskurtsoaren bitartez esaten dugunaren guztiz aurkakoa egiten dugula, bai egunerokotasunean, bizitzan, baita hezkuntzan ere. Adibidez, mila aldiz entzungo dugu berdintasunaren inguruan hitz egiten eta denok berdinak garela aldarrikatzen ibiliko gara, baina gero praktikan ez dugu hori betetzen; izan ere, neska eta mutilak bereizten ditugu janzkeran, egin behar dituzten zereginetan, beraiengandik espero ditugun emaitzetan, etab. (Curriculum ezkutua). Gainera, ezberdintasun horiek indartzen dituzten estereotipoak oso ohikoak dira gure gizartean eta horietako batzuk landutako argazkietan agertzen dira, adibidez: emakumeak "edozer" egiten duela diruaren edo opari baten truke, emakume askok gizonezkoen "boterea" edo haien "azpitik egotea" onartzen dutela, gizonezkoek emakumezkoek baino soldata altuagoa izatea lan berdinagatik...

Honetaz gain, hezkuntza munduan gehiago murgilduz eta gure gaiari helduz, errealitate ukaezina da irakasleek inguruan duten presioa (curriculuma, gurasoak, programazioa...) eta horrek askotan hezkuntzan duen eragina. Irakasleak arma boteretsuak dituzte ikasleen aurrean, zuzenki nahiz zeharka materiak/eduki/ideia asko helarazteko aukera eta haur horien garapena "beraien esku".
Presio horren barruan, denbora falta ere egon daiteke. Arrazoi hori dela medio (edo beste bat) irakasle askok ikasle guztiak berdin tratatzen dituzte, helburu jakin eta berdina lortzeko, haur bakoitzaren garapena eta gaitasunak kontuan hartu gabe. Nire ustez, beharrezkoa da irakasleak haur bakoitza ezagutzea, gauzak barneratzeko momentuak daudela jakitea eta horren arabera esku-hartzea, baina gaur egungo hezkuntzan ia ezinezkoa litzateke.

Hausnarketa honekin amaitzeko, klasean atera genituen pare bat ideia gogoraraztea pentsatu dut, gure etorkizunerako garrantzitsua iruditzen zaitena: irakasleari bere lana gustatu behar zaio, bokazionala izan behar du eta berak erakutsi eta irakasten duen moduan, ikasleengandik ere ikas dezakela jakin behar du, betiere ikasleen lekuan jarriz eta enpatiaz jardunez.

Besterik gabe, mila esker irakurtzeagatik!

                                                                                         
       


              

No hay comentarios:

Publicar un comentario