Didaktira Orokorrean burututako beste lanetako bat Antoni Zabalaren "Los ámbitos de la intervención en la E. Infantil y el enfoque globalizador" testua irakurri, honen laburpena egin eta ondoren aurkezpen baten bitartez gelakideei ulertutakoa azaltzea izan zen. Beraz, jarrian irakur ditzakezue taldean landutako aipatu berri dudan testuaren laburpena eta baita horri aurkezteko erabilitako Prezi-a ere:
Haur Hezkuntzako helburu eta eduki guztiak aurrera eramateko zaila da esku-hartze zehatz bat ezartzea, haur bakoitzak bere garapen eta erritmoak dituenez beharrezkoak dira metodo malguak, aldakorrak, moldagarriak.
“Nola erakutsi?” galderari erantzuteko, aurrez finkatutako helburu eta edukiak hartu behar dira kontuan. Ikasi dugun bezalaxe, Curriculumaren bidez finkatzen dira horiek, eta Haur Hezkuntzako etapak ere badu bere curriculuma. Bertan zehazten diren helburuek pertsonen gaitasun guztiei egiten diete erreferentzia: kognitiboak, motrizeak, autonomia eta oreka pertsonala, erlazio interpertsonalak, besteak beste.
Curriculuma interpretazio konstruktibista batean oinarritzen da eta irakaskuntzaren inguruan hartzen diren erabaki guztiak bere baitakoak dira. Konstruktibistek esaten duten bezala, pertsonek ezagutu nahi ditugun errealitateko esanahien inguruan osatzen dugun prozesu baten bidez ikasten dugu, hau da, aurrez ezagututako edukiak edo izandako esperientziak errealitatearekin lotuz.
Orokorrean ikaskuntza prozesu indibiduala den arren, ezinbestekoak dira haurrarentzat inguruko helduen laguntza (familia, irakasle, ezagun…) eta motibazioa (interesa, arazo bat konpontzeko nahia…).
Hasieran esan bezala, oso zaila da esku-hartze modelo zehatz bat ezartzea, horregatik lan egiteko / irakasteko modu ezberdinak egoten dira eta horietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.
1.- Gaiak, proiektuak edo arazoak:
- Zenbait eremuren ezagutza: ingurunearena gehien bat (jostailuak, eskolako lagunak, auzoko dendak…), modu urriagoan identitate eta autonomia pertsonalarena. Adibidez eskolako lagunen inguruan, 3 urteko gelan, lehenengo astetan beraien artean ezagutzea landuko da (zein naiz ni? zein gara gu?) eta horrekin batera pixkanaka errespetua, talde-lana eta parte-hartzea bezalako gai garrantzitsuak landuko dira. Gainera horrelako jardueretan, eskuhartzea beharrezkoa izaten da, modu naturalean egin behar dena.
Curriculumeko hainbat zatik erlazioa dute beraien artean eta horrela, zati baten helburu didaktikoak betetzean, bestearenak ere betetzea erraztu daiteke. Aurreko adibidearekin jarraituz, besteen ezagutzak norbere ezagutzari lagunduko dio eta horrela, identitate pertsonala eraikitzen hasteko aukera dago.
- Proposatzen diren jarduerak gela guztiarentzat daude zuzenduta, neska eta mutil guztiak zeregin berdinean aritzen dira eta irakaslea da hori gidatu eta zuzentzen duena. Aldi berean, irakasleak ikaslearen ikaskuntza mailara egokitzen ditu jarduerak, haur bakoitzaren gaitasunak kontuan izanik. Lehen aipatutako adibidean, ez da berdina izango lehendik Haur Hezkuntzako lehen ziklotik igaro direnen edo beraien lehen esperientzia bizitzen duten haurren erantzuna.
- Denbora ikasleen interes eta gaiaren garrantziaren araberako da. Adibidez, ez zen zentzuzkoa izango 2 edo 3 astetan zehar “gelako lagunen” ariketak egitea, lehendik denak ezagutzen badira. Ezagutzen duten gai baten inguruan behin eta berriz egiteak ez du ezer berririk ekartzen. Jarduerak programazio eta denboralizazio bat behar dute (jarduerak ez oso luzeak), irakasleak ezingo ditu denbora luzez haurrak motibaturik eta zentraturik mantendu, interesa erraz galtzen baitute. Garai honetan, haurren interesak beraien inguruan, gertu kokatzen dira. Haurraren errendimendu guztia atera ahal izateko gai/proiektu edo arazo zehatza izan behar du; aldiz, globala eta abstraktuakoa bada, nahiz eta irakaslea zehatza izan, ez da ziurra haurrak ulertzea edo jarduera aurrera ateratzea.
2.- Txokoak eta/edo Tailerrak
Bi jarduera mota bereizi ditzakegu esparru honetan, batetik jolasak erabil ditzazkegu gaiak modu orokorrean lantzeko eta bestetik modu zehatzago batean ikusi ahal izateko, bestelako jarduera batzuk egoten dira (adibidez marrazketa tailerra).
- Txokoetan orokorrean eduki espezifikoak lantzen dira, adibidez marrazkiak libreki egiteko txokoa. Baina aldi berean, beste eduki batzuk sar ditzazkegu zeharka, adibidez koilareak egiteko txokoan, zeharka koloreak lantzen dira, beraien arteko loturak, etab.
- Banaka zein talde txikitan egiten da lan, modu horretan haurrek eduki ezberdinak landu ditzakete, beraien interesen arabera eta autonomiaz; eta irakasleek ere, era indibidualizatuagoan laguntza eskaini.
- Azkenik, iraupenari dagokionez, normalean denbora laburrak izan ohi dira baina azkenean ikasturtean zehar eduki zehatzak lantzea lortuko da, txoko ezberdinetan eduki bera lantzen edo txoko berean baina modu ezberdinean eginez (eskumuturraren erabilpena hobetzeko: marrazkien txokoan, idazketaren txokoan…).
3.- Ohiturak/Errutinak
Hala eta guztiz ere, badaude zenbait helburu eta eduki aurrez azaldutako moduan ezin direnak landu eta garrantzia handia dutenak; adibidez autonomia, norbere identitatearen eraikuntza, ongizate pertsonalarekin loturiko jarduerak, etab. Hori lantzeko, Haur Hezkuntzan “erritual” batzuk ezartzen dira: erlazio interpertsonalak eta afektua lantzekoak (sarrera, ongi etorria, korroa…), deskantsatzekoak (siesta, erlajazioa…), etab.
- Beharrezkoak diren ezagutzak barneratzea da helburua (afektua, maitasuna, elikadura, higienea, aktibitatea, deskantsua…).
- Batzuetan horrelako jarduerak talde guztiarentzat izaten dira baina normalean lan indibiduala izaten da, haur bakoitzak bere erritmoan egiten duena. Jarduera horietan haur eta irakasle arteko interakzioa konstantea (iraunkorra) da, nahiz eta denborarekin haurra zenbait gauza bere kabuz egiteko gai izango den.
- Denboraren inguruan, lehen esan bezala egunerokotasunean egiten diren jarduerak dira, errutinetan bihurtzen direnak. Askotan behin eta berriz berdina errepikatzen ari garela dirudien arren, horrelako jarduerek gauza berriak txertatzeko aukera ematen du, horrekin aurrerapena ekarriz.
Esan bezala, Haur Hezkuntzako helburuak lortzeko ez dago esku-hartze eredu zehatzik. Hortaz, aipatu ditugun horiez eta ditugun beste estrategiez baliatzea beharrezkoa da.
METODO GLOBALIZATU ETA PLANTEAMENDU GLOBALZATZAILEA
- Metodo globalizatuak honetan datza: eduki eta gaiak ikaslearentzat ez dira garrantzi gehien duten helburuak, errealitatea ezagutzeko bitartekariak baizik. Helburua ez da diziplina, errealitaterekin erlazionatutako zerbait ikastea baizik. Norbere ingurunera ezagutzeko ikasleak bitartekari edo instrumentuak beharko ditu, eta horiek dira diziplinek, edukiek eta gaiek eskaintzen digutena.
- Garrantzitsua da, lehenago ere esan dugun bezala, haurren interesen inguruan lan egitea. Haur bakoitzaren interes eta kezkak zein diren jakiteko hitz egin beharko dute, edo marraztu, entzun, neurtu… Ondoren, interes horietatik abiatuz eta eduki zehatzen laguntzaz (zientziak, matematikak, etab.) arazoak konpontzeko eta errealitatea ulertzeko gai izango dira.
- Soziologian ikasi genuen bezala, hezkuntzaren helburua errealitatea ulertzen duten herritarrak sortzea da, autonomoak, beraien kabuz gauzak egiteko gai direnak...; beraz, ez da gai zehatzak barneratze hutsa, horiek errealitatean aplikatzeko gai izan behar dute gure haurrek, arazoak konpondu ahal izateko.
- Kasu guztietan, helburua eduki zehatz batzuk modu zorrotz batean ezagutu eta ikastean bada, nahiz eta eduki horiek ingurunea ezagutzeko bitartekari edo moduak izan, haurrak hasiera batetik ikas ditzala kontzeptu horiek, ondoren ezagutuko bait ditu eduki horien esanahi eta erabilgarritasuna, eta ondorioz baita hauen aplikazioa ere.
- Idazlearen iritziz, helburua eskolan egiten den lan guztiak ikuspegi globalizatzaile bat izatea da. Eta hori ez da soilik metodo globalizatuak erabiltzearen berdina. Ikuspegi globalizatzailea errealitateko kezka eta arazoetatik abiatzen den esku-hartzea bezala ulertu behar da.
Laburbilduz eta amaitzeko, hezkuntzaren inguruko ikuspegi malgua izatera bultzatzen gaitu honek guztiak, aipatu ditugun metodo guztiak bere garrantzia dutela. Horregatik esan dezakegu jarrera kontua dela, hezkuntzaren aurrean azaltzen dugun jarrera eta helburuei ematen diegun garrantzia kontuan izanda, metodo eta estrategia berrietara irekita egotea helburuak lortzeko.
Hasieran aipatu bezala, hementxe duzue aurkezpena egiteko erabilitako oinarri digitala.
Besterik gabe, mila esker irakurtzeagatik!
No hay comentarios:
Publicar un comentario