Nor naiz ni?

sábado, 12 de marzo de 2016

ESKU-HARTZEA ETA IKUSPUNTU GLOBALIZATZAILEA HAUR HEZKUNTZAN


Didaktira Orokorrean burututako beste lanetako bat Antoni Zabalaren "Los ámbitos de la intervención en la E. Infantil y el enfoque globalizador" testua irakurri, honen laburpena egin eta ondoren aurkezpen baten bitartez gelakideei ulertutakoa azaltzea izan zen. Beraz, jarrian irakur ditzakezue taldean landutako aipatu berri dudan testuaren laburpena eta baita horri aurkezteko erabilitako Prezi-a ere:


Haur Hezkuntzako helburu eta eduki guztiak aurrera eramateko zaila da esku-hartze zehatz bat ezartzea, haur bakoitzak bere garapen eta erritmoak dituenez beharrezkoak dira metodo malguak, aldakorrak, moldagarriak.

“Nola erakutsi?” galderari erantzuteko, aurrez finkatutako helburu eta edukiak hartu behar dira kontuan. Ikasi dugun bezalaxe, Curriculumaren bidez finkatzen dira horiek, eta Haur Hezkuntzako etapak ere badu bere curriculuma. Bertan zehazten diren helburuek pertsonen gaitasun guztiei egiten diete erreferentzia: kognitiboak, motrizeak, autonomia eta oreka pertsonala, erlazio interpertsonalak, besteak beste.

Curriculuma interpretazio konstruktibista batean oinarritzen da eta irakaskuntzaren inguruan hartzen diren erabaki guztiak bere baitakoak dira. Konstruktibistek esaten duten bezala, pertsonek ezagutu nahi ditugun errealitateko esanahien inguruan osatzen dugun prozesu baten bidez ikasten dugu, hau da, aurrez ezagututako edukiak edo izandako esperientziak errealitatearekin lotuz.

Orokorrean ikaskuntza prozesu indibiduala den arren, ezinbestekoak dira haurrarentzat inguruko helduen laguntza (familia, irakasle, ezagun…) eta motibazioa (interesa, arazo bat konpontzeko nahia…).

Hasieran esan bezala, oso zaila da esku-hartze modelo zehatz bat ezartzea, horregatik lan egiteko / irakasteko modu ezberdinak egoten dira eta horietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.

1.- Gaiak, proiektuak edo arazoak:

  1. Zenbait eremuren ezagutza: ingurunearena gehien bat (jostailuak, eskolako lagunak, auzoko dendak…), modu urriagoan identitate eta autonomia pertsonalarena. Adibidez eskolako lagunen inguruan, 3 urteko gelan, lehenengo astetan beraien artean ezagutzea landuko da (zein naiz ni? zein gara gu?) eta horrekin batera pixkanaka errespetua, talde-lana eta parte-hartzea bezalako gai garrantzitsuak landuko dira. Gainera horrelako jardueretan, eskuhartzea beharrezkoa izaten da, modu naturalean egin behar dena.

Curriculumeko hainbat zatik erlazioa dute beraien artean eta horrela, zati baten helburu didaktikoak betetzean, bestearenak ere betetzea erraztu daiteke. Aurreko adibidearekin jarraituz, besteen ezagutzak norbere ezagutzari lagunduko dio eta horrela, identitate pertsonala eraikitzen hasteko aukera dago.

  1. Proposatzen diren jarduerak gela guztiarentzat daude zuzenduta, neska eta mutil guztiak zeregin berdinean aritzen dira eta irakaslea da hori gidatu eta zuzentzen duena. Aldi berean, irakasleak ikaslearen ikaskuntza mailara egokitzen ditu jarduerak, haur bakoitzaren gaitasunak kontuan izanik. Lehen aipatutako adibidean, ez da berdina izango lehendik Haur Hezkuntzako lehen ziklotik igaro direnen edo beraien lehen esperientzia bizitzen duten haurren erantzuna.
  2. Denbora ikasleen interes eta gaiaren garrantziaren araberako da. Adibidez, ez zen zentzuzkoa izango 2 edo 3 astetan zehar “gelako lagunen” ariketak egitea, lehendik denak ezagutzen badira. Ezagutzen duten gai baten inguruan behin eta berriz egiteak ez du ezer berririk ekartzen. Jarduerak programazio eta denboralizazio bat behar dute (jarduerak ez oso luzeak), irakasleak ezingo ditu denbora luzez haurrak motibaturik eta zentraturik mantendu, interesa erraz galtzen baitute. Garai honetan, haurren interesak beraien inguruan, gertu kokatzen dira. Haurraren errendimendu guztia atera ahal izateko gai/proiektu edo arazo zehatza izan behar du; aldiz, globala eta abstraktuakoa bada, nahiz eta irakaslea zehatza izan, ez da ziurra haurrak ulertzea edo jarduera aurrera ateratzea.

2.- Txokoak eta/edo Tailerrak

Bi jarduera mota bereizi ditzakegu esparru honetan, batetik jolasak erabil ditzazkegu gaiak modu orokorrean lantzeko eta bestetik modu zehatzago batean ikusi ahal izateko, bestelako jarduera batzuk egoten dira (adibidez marrazketa tailerra).

  1. Txokoetan orokorrean eduki espezifikoak lantzen dira, adibidez marrazkiak libreki egiteko txokoa. Baina aldi berean, beste eduki batzuk sar ditzazkegu zeharka, adibidez koilareak egiteko txokoan, zeharka koloreak lantzen dira, beraien arteko loturak, etab.
  2. Banaka zein talde txikitan egiten da lan, modu horretan haurrek eduki ezberdinak landu ditzakete, beraien interesen arabera eta autonomiaz; eta irakasleek ere, era indibidualizatuagoan laguntza eskaini.
  3. Azkenik, iraupenari dagokionez, normalean denbora laburrak izan ohi dira baina azkenean ikasturtean zehar eduki zehatzak lantzea lortuko da, txoko ezberdinetan eduki bera lantzen edo txoko berean baina modu ezberdinean eginez (eskumuturraren erabilpena hobetzeko: marrazkien txokoan, idazketaren txokoan…).

3.- Ohiturak/Errutinak

Hala eta guztiz ere, badaude zenbait helburu eta eduki aurrez azaldutako moduan ezin direnak landu eta garrantzia handia dutenak; adibidez autonomia, norbere identitatearen eraikuntza, ongizate pertsonalarekin loturiko jarduerak, etab. Hori lantzeko, Haur Hezkuntzan “erritual” batzuk ezartzen dira: erlazio interpertsonalak eta afektua lantzekoak (sarrera, ongi etorria, korroa…), deskantsatzekoak (siesta, erlajazioa…), etab.

  1. Beharrezkoak diren ezagutzak barneratzea da helburua (afektua, maitasuna, elikadura, higienea, aktibitatea, deskantsua…).
  2. Batzuetan horrelako jarduerak talde guztiarentzat izaten dira baina normalean lan indibiduala izaten da, haur bakoitzak bere erritmoan egiten duena. Jarduera horietan haur eta irakasle arteko interakzioa konstantea (iraunkorra) da, nahiz eta denborarekin haurra zenbait gauza bere kabuz egiteko gai izango den.
  3. Denboraren inguruan, lehen esan bezala egunerokotasunean egiten diren jarduerak dira, errutinetan bihurtzen direnak. Askotan behin eta berriz berdina errepikatzen ari garela dirudien arren, horrelako jarduerek gauza berriak txertatzeko aukera ematen du, horrekin aurrerapena ekarriz.

Esan bezala, Haur Hezkuntzako helburuak lortzeko ez dago esku-hartze eredu zehatzik. Hortaz, aipatu ditugun horiez eta ditugun beste estrategiez baliatzea beharrezkoa da.


METODO GLOBALIZATU ETA PLANTEAMENDU GLOBALZATZAILEA

  • Metodo globalizatuak honetan datza: eduki eta gaiak ikaslearentzat ez dira garrantzi gehien duten helburuak, errealitatea ezagutzeko bitartekariak baizik. Helburua ez da diziplina, errealitaterekin erlazionatutako zerbait ikastea baizik. Norbere ingurunera ezagutzeko ikasleak bitartekari edo instrumentuak beharko ditu, eta horiek dira diziplinek, edukiek eta gaiek eskaintzen digutena.

  • Garrantzitsua da, lehenago ere esan dugun bezala, haurren interesen inguruan lan egitea. Haur bakoitzaren interes eta kezkak zein diren jakiteko hitz egin beharko dute, edo marraztu, entzun, neurtu… Ondoren, interes horietatik abiatuz eta eduki zehatzen laguntzaz (zientziak, matematikak, etab.) arazoak konpontzeko eta errealitatea ulertzeko gai izango dira.

  • Soziologian ikasi genuen bezala, hezkuntzaren helburua errealitatea ulertzen duten herritarrak sortzea da, autonomoak, beraien kabuz gauzak egiteko gai direnak...; beraz, ez da gai zehatzak barneratze hutsa, horiek errealitatean aplikatzeko gai izan behar dute gure haurrek, arazoak konpondu ahal izateko.

  • Kasu guztietan, helburua eduki zehatz batzuk modu zorrotz batean ezagutu eta ikastean bada, nahiz eta eduki horiek ingurunea ezagutzeko bitartekari edo moduak izan, haurrak hasiera batetik ikas ditzala kontzeptu horiek, ondoren ezagutuko bait ditu eduki horien esanahi eta erabilgarritasuna, eta ondorioz baita hauen aplikazioa ere.

  • Idazlearen iritziz, helburua eskolan egiten den lan guztiak ikuspegi globalizatzaile bat izatea da. Eta hori ez da soilik metodo globalizatuak erabiltzearen berdina. Ikuspegi globalizatzailea errealitateko kezka eta arazoetatik abiatzen den esku-hartzea bezala ulertu behar da.

Laburbilduz eta amaitzeko, hezkuntzaren inguruko ikuspegi malgua izatera bultzatzen gaitu honek guztiak, aipatu ditugun metodo guztiak bere garrantzia dutela. Horregatik esan dezakegu jarrera kontua dela, hezkuntzaren aurrean azaltzen dugun jarrera eta helburuei ematen diegun garrantzia kontuan izanda, metodo eta estrategia berrietara irekita egotea helburuak lortzeko.

Hasieran aipatu bezala, hementxe duzue aurkezpena egiteko erabilitako oinarri digitala. 

Besterik gabe, mila esker irakurtzeagatik!


CURRICULUMAREN ZEHAZTAPEN MAILAK ETA DEFINIZIOA



Otsailaren 19 ko klasean, Curriculum mota ezberdinak aztertu eta gero bertan dauden maila ezberdinak aztertzeari ekin genion. Horretarako taula hau osatu genuen baina sarean aurkitutako orrialde ezberdinen loturak klikatzeko aukerarik ematen ez duenez, hementxen uzten dizkizuen horien linkak:





Orrialde guzti horien inguruko informazioa bilduta, ondoriozta dezakegu curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo, ebaluazio, eduki, antolakuntza...eta abarren multzoa dela. Gainera, hezkuntza antolatzeaz arduratzen da zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu zehatz mehatz ezarriz. Beraz, curriculumean oinarrituz eta egungo gizartearekin loturak eginez haurrei baloreetan oinarritutako heziketa bat emateaz arduratzen da eta irekia (helburu orokorrak planteatzen dituen curriculuma) zein itxia (aurrez ezarritako edukiak, helburuak eta bitartekoak biltzen dituen curriculuma) izan daiteke.

Besterik gabe, hona hemen lehen aipaturiko taula. Mila esker irakurtzeagatik!



HAUR HEZKUNTZAKO GAUR EGUNGO CURRICULUMA (HEZIBERRI)



Gaurkoan, Haur Hezkuntzako Curriculuma aztertzea izango dut helburu eta horretarako bertan agertzen diren xedapenak nire haurtzaroko esperientziekin alderatuko ditut. Gainera, curriculumean aipatzen diren gau ezberdinak ere jorratu nahiko nituzke, horiek kontuan hartuta nire esperientzia pertsonalekin kontrastatzeko asmotan.

Hasteko, lehenengo kapituloko hirugarren artikuluak dioen moduan: 


"Haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea da Haur Hezkuntzaren xedea, garapen horren dimentsio guztietan. Oinarrizko konpetentziak garatuz lortu nahi da hori, familiekin lankidetza estuan arituta."
Artikulu honi garrantzia ematea ezinbestekoa iruditu zait, izan ere, nire ikastolan betidanik harreman estua mantentzen ahalegindu dira irakasle eta familien artean, horrela gu guztion garapen osoa eta orekatua lortzeraino. Hori lortzeko aurrera eraman den proiektu edo ideia esanguratsuenetarikoa postontziaren sorrera izan da. Hau da, Haur Hezkuntzara sartzeko ikastolako kide guztiek erabiltzen zuten hesiari lotuta zegoen atean postontzi bat zintzilikatu zuten, horrela, nahi izanez gero ume zein gurasoek, egokiak iruditzen zitzaizkien material, liburuxka, pelikula, bideo, egunkari, jostailu...etb ekartzen zituzten eta irakasleak horietaz baliatzen ziren nolabait ere gurasoen nahiak gelara garraiatu eta gurekin proiektu ezberdinak burutuz hainbat eta hainbat balore trasmititzeko. Postontzi horren helburu nagusia, lehen esan bezala, elkarreragina sustatzea izan zen eta benetan interesgarria iruditzen zaiten modua da, haurrak zein gurasoak ikaskuntza prozesu eta garapen honen partaide sentiaraztea lortzen zuelako. Baina ez hori bakarrik, baita guztien motibazioa mantentzea eta areagotzea ere.

Bestalde, ebaluaketari dagokionez, curriculum guztien oinarri printzipalenetarikoa dela esan genezake, honen bitartez lortzen bait da haurren garapenari eta emandako aurrerapausoen inguruko informazioa etxeetara zabaltzea. Horregatik, honako esaldi hau autatzearen erabakia hartu dut:

"Tutoreak, ikasturte bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-saioak egitean, edo baldintzek horretarako bidea ematen dutenean, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren gaineko txostena egingo du. Ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie txosten hori. Hiru ebaluazio-saio egongo dira, gutxienez. Txosten horretan adieraziko dira: hezkuntza-konpetentzien lorpenari buruzko balorazioa, eskola-errendimenduari eta integrazio sozial eta hezkuntzakoari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa baldin bada, aurreikusitako laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzkoa."

Naiz eta lehenenko postean argitaratutako eskola bizipenetan ez egon ebaluaketari zuzenki lotutako argazkirik, bertan agertzen diren fitxa zein txostenek zeharkako erreferentzia egiten die hori. Izan ere, hiru hilabete guztian zehar burutzen genituen marrazki libre, matematikarekin lotutako fitxa edota ingelesa landu genuela zihurtatzen zuten jarduerak biltzen genituen karpeta baten barruan, hori etxera eraman eta gurasoek ikus zitzaten egindako lan guztiak. Baina ez hori bakarrik, irakasleak egunero gurasoekin elkarrizketa laburrak mantentzeaz gain, bilera batzuk ere antolatzen zituen. Bilera horien xede nagusiak haurren inguruko arazo eta aurrerapenei buruz hitz egiteaz gain aurrez finkatutako helburu eta ebaluazio irizpideen berri ematea zelarik. Azkenik, azpimarratzekoa da "nota" moduko batzuk ere banatzen zirela urte amaieran, non oinarrizko konpetentzia bakoitzaren ondoan hitzez adierazitako balorazioa agertzen zen, hala nola, gutxiegi (GU), nahikoa (NA), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (BI). Nire iritziz, zenbaki zehatzak ez jartzearen arrazoia ebaluaketa zehatza egitea ia ezinezkoa dela da, izan ere, ume batek Haur Hezkuntzak eman ditzazkeen pausoak nota ipintzerako orduan nahiko malguak eta zehaztasunik gabeak dira. Beraz, esan daiteke, nota horien helburu nagusiena, beste behin ere, gurasoak ikastolan egindakoaren jakinaren gainean mantentzea izango litzatekela eta ez haur batek besteak baino nota hobeak ala okerragoak atera dituen alderatzea.

Besterik gabe, hauxe izango litzateke Haur Hezkuntzak gaur egun duen curriculumaren eta nire garain zegoenaren arteko hausnarketa. 

Mila esker irakurtzeagatik!